USP emaitzak – IES Sarriguren BHI

2025/06/18

IES Sarriguren BHIko hezkuntza-komunitateari zuzenduta.

IES Sarriguren BHIko zuzendaritza taldea gara, eta USPren emaitzen argitalpenaren aurrean idazten dugu, non gure institutua epaimahai eta zentroen arteko taulan honako oharrarekin agertzen den: "Zentroak ez du informaziorik ematen". Bai iaz, bai aurten -biak izan dira gure institutuko 2. batxilergoko ikasleak izan ditugun lehen promozioak (gure zentroa 2019an ireki zen)-, gure zentroak erabaki du Unibertsitatera Sartzeko Proben (USP) emaitzak ez ematea komunikabideei. Erabaki sendo eta arrazoitu hau irizpide pedagogiko eta etikoetan oinarritzen da, eta modu argian azaldu nahi dugu, bereziki Diario de Navarra egunkariak gure jarrera publikoki aipatu ondoren.

Lehenik eta behin, uste dugu USPren sailkapen edo emaitza-taulen argitalpenak proba jakin bat marketin tresna bihurtzen duela, hezkuntzaren benetako zentzua desitxuratuz. USPk ez du guztiz islatzen urteetan zehar garatzen dugun hezkuntza-prozesu konplexua, non ikasleen hazkunde pertsonala, konpetentzien ikaskuntza, balioen eskuratzea eta garapen integrala egun bateko emaitza akademikoen gainetik jartzen diren.

Gainera, datu horien argitalpenak zentroen arteko konparazioak sustatzen ditu, eta horrek, osasungarriak izan beharrean, presio desegokiak sor ditzake irakasle eta zuzendaritza taldeetan. Lehiakortasun logika horrek ez du bat egiten gure eskola publikoaren ikuspegiarekin; ikasle bakoitza bere gaitasun, interes eta egoeraren arabera laguntzea da gure helburua.

Bestalde, rankingek sortzen duten presioak dinamika kaltegarriak sor ditzake, beste hezkuntza-sistemetan salatu direnak: ikasleak probetara aurkeztea saihestea edo desanimatzea, zentroaren arrakasta-statistikak babesteko. IES Sarriguren BHIren lana kontrako norabidean doa: ikasle guztiei laguntzen diegu beren helburuak lor ditzaten, haien garapen integrala lehenetsiz, irudi instituzionalaren interesen gainetik.

Aurten ere, ez parte hartzea erabaki dugu. Penagarria iruditzen zaigu Diario de Navarra-k gure erabakia publikoki azpimarratzea, horrek emaitza txarren edo gardentasun faltaren susmoa piztu dezakeelako. Errealitatetik oso urrun dago hori. Gure USP emaitzak onak izan dira (AG ereduan %100eko gainditze-tasa, eta D ereduan %92koa), iaz bezala. Baina gure erabakia printzipio pedagogiko eta hezkuntza-ekitatearen aldeko defentsan oinarritzen da, eta ez emaitzen unean uneko komenientzian.

Gure konpromisoa ikasleekin eta familiengana dago, ez prentsako titularrekin. Lanean jarraituko dugu, seriotasunez, profesionaltasunez eta zerbitzu publikoarekiko bokazioz, konbentzituta benetako hezkuntza-kalitatea ezin dela soilik ehuneko-taula batzuetan neurtu.

Eskerrak eman nahi dizkiogu gure hezkuntza-komunitateari emandako konfiantzagatik eta ulermenagatik, eta lerro hauek gure erabakiaren zergatiak argitzeko balio izatea espero dugu; ez da inprobisatutako edo interesdun erabakia, sakon pentsatutako erabakia baizik.

Adeitasunez,
Javier Goikoetxea Barrios, IES Sarriguren BHIko zuzendaria, IES Sarriguren BHIko zuzendaritza-taldearen izenean