E+ Dublinen.

2026/05/19

Martxoaren 22a izan zen Sarrigurengo Batxilergoko ikasle talde batek eta bi irakaslek Bilboko aireportutik Dublinera hegan egin genuen eguna. Urduritasuna eta bertan aurkituko genuenaren jakinmina izan ziren bidaian zehar lagundu gintuzten sentimenduak. Dena oso azkar joan zen, konturatzerako Irlandako hiriburuan lur hartu genuen eta bakoitzak aste batez edukiko zuen familiarekin etxerako bidea hartu genuen atseden hartu eta hurrengo goiza indarrez hasteko.

Apollo izeneko akademia izan zen denontzako erreferentzia, bertan jaso zituzten ikasleek klaseak eta jarduerak egin zituzten astean zehar. Lehen egunean goizeko aurkezpen saioaz gain hiria ezagutzeko paseo bat eman zen. Bigarren egunean saio arruntaz gain, Abbey Theatre ezagutu genuen.  Arratsaldean Selfi Challenge  egitea tokatu zen, dibertigarria. Asteazkenean kaleko artista  baten eskutik Graffityen inguruko tour interesgarri bat egin genuen eta arratsaldea libre hartu genuen hirian barrena ibiltzeko. Ostegun goizeko saioak bukatzean Howthera hurbildu ginen bisitan, eguraldia ez zen zoragarria izan baina herrian eta inguruetan ibiltzeko aukera izan genuen. Kostaldean dagoen herri honek xarma berezia dauka, Dublineko jendeak bertara gerturatzeko ohitura dauka egun pasa egitera, merezi du. Hango fokak ere agurtu genituen.

Ostiralean azken saioa berezia izan zen Apollon, baina are bereziagoa izan zen arratsaldea. Phoenix Parken oreinak ikusi, Dublineko aldezaharreko giroan murgildu eta bukatzeko goi mailako Errugbi partida bat ikustera joan ginen Aviva Stadiumera. Kilkenny izan zen larunbata pasatzeko zegokigun tokia. Eguraldi polita egin zuen eta lasai pasa genuen gure egonaldiko azken eguna. Igande goizean maletak egitea tokatzen zen. Pena askorekin aste zoragarri bat agurtu eta Iruñeako errealitatera bueltatzea besterik ez zitzaigun geratzen. Astea azkar pasa zen, gustora egon ginelaren seinale. Zalantzarik gabe ikasleek bizitza osorako eramango duten esperientzia bat bizi izan genuen.