Ez seguru bezala identifikatautako puntuen mapa - Sarriguren BHI - Ikasnova
Ez seguru bezala identifikatautako puntuen mapa - Sarriguren BHI
Ez seguru bezala identifikatautako puntuen mapa
2023/11/07
Ez-seguru bezala identifikatutako puntuen mapak espazio publikoan emakumeen segurtasun-pertzepzioa lantzen duten proiektuak dira, segurtasunik gabeko lekuak aurkitu eta ikusaraziz eta horiek hobetzeko proposamenak eginez. Eguesibarrean, dLAV taldea proiektu hau garatzen ari gara Berdintasun Arloaren enkarguz, Ibarra osatzen duten kontzeju eta leku bakoitzean tailer, inkesta eta ibilaldien bitartez.
Zergatik da garrantzitsua hiri-inguruneetako segurtasuna ikuspegi feministatik lantzea? Segurtasuna ziurtasunekin (datu objektiboak: estatistikak, txostenak, etab.) eta pertzepzioekin (bizi duguna, komunikabideetan edo sare sozialetan irakurtzen edo entzuten duguna) hein batean eraikitako kontzeptua da, eta, izatez, definitzen duena gogo-aldarte bat da: konbentzionalki segurtasunik ezaren sentimendua deitzen duguna. Beraz, esan dezakegu segurtasunak bi dimentsio dituela: objektiboa bata eta subjektiboa bestea.
Tradizioz, segurtasunaren dimentsio "objektiboa" baino ez da landu, hau da, kriminalitate-estatistiketan oinarrituta, neurri batzuk edo beste batzuk hartzen dira eremu batzuetan, hala nola poliziaren presentzia handiagoa edo kale batzuetan kamerak kokatzea. Baina segurtasun (eza)k dimentsio subjektiboa ere badu, eta hori gure sozializazioaren eta gure bizi-esperientzien mende dago.
Emakumeok, gure gorputz sexuatuen gainean historikoki jasan dugun indarkeriaz gain (bortxaketak, erasoak, kaleko jazarpena, etab.), beldurra izateko ere sozializatu gaituzte, kalean gaudenean geure burua zaintzeko. Horren adibide dira etxean txikitatik entzuten ditugun mezuak, irteten hasi ginenetik: "ez zaitez bakarrik itzuli etxera", "deitu ailegatutakoan" edo "nork langunduko zaitu etxera?".
Segurtasun (ezaren) pertzepzio subjektibo horri esker, (gu) gauez kale huts batetik igarotzen garenean, beldurra sentitzen dugu. Eta beldur horrek gure askatasuna mugatzen du hirira sartzeko orduan, nora, nola eta noiz goazen aukeratzeko orduan.
“Jaietan, adineko mutil bat hasi zitzaion jarraitzen (bera bakarrik zihoan) eta grabatzen ikusi zuenean, bere plazara joan zen, eta atea ireki behar izan zuen berak zeukan trikimailu batekin, ez baitzion denborarik eman giltzak ateratzeko, eta atea oso azkar itxi zuen. Mutikoa kanpoan geratu zen, eta ostikada bat eman zion ateari, ezin zela sartu ikustean. Nik ere zaintza handiagoa jarriko nuke festetan; beste behin eskolatik irteten nintzenean, gizon bat hasi zitzaidan gauzak galdetzen, zein den nire izena... ez naiz berriro kale horretatik joan.
Eguesibarreko puntu beltzen mapa inkestaren erantzuna.
Mapen bidez, segurtasun (ezaren) dimentsio subjektibo hori ikusarazi nahi da, taldean landu, eta, batez ere, espazio publikoan jardun, seguruago sentitzeko.
Espazio publikoarekiko beldurraren sozializazio hori emakumeen artean eman izan da tradizioz, ez gizonen artean. Baina, egia da segurtasun (ezaren) pertzepzioa ere bizi-esperientzien araberakoa dela, eta pertsona askok indarkeria jasaten dute sexu-orientazioagatik, genero-adierazpenagatik, jatorriagatik edo desgaitasunen bat izateagatik. Hori dela eta, IES Sarriguren BHIrekin egindako lanean, tailer mistoetan ikasleen segurtasunaren pertzepzioa landu nahi izan da. Tailer horiek, batetik, espazio publikoan mota guztietako indarkeriak ikusaraztea zuten helburu, eta, bestetik, ikasleak gai horren inguruan kontzientziatzea.
Horretarako, urrian eta azaroan, hainbat tailer eta ibilaldi egin ziren batxilergoko eta DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin. Batxilergoko ikasleekin 4 ibilaldi egin ziren Sarrigurenen. Horietan, aldez aurretik inkestan adierazitako puntu ez-seguruak aztertu ziren. Puntu bakoitzean espazio horiek zergatik ez ziren seguruak aztertu zen eta hobetzeko proposamenak jaso ziren. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin segurtasunaren kontzeptua landu zen ikasgelan. Ikasleei eskatu zitzaien hausnartzeko zer den segurtasuna, eta, ondoren, plano batean adierazteko zer espaziotan.
ez ziren seguru sentitzen.
IES Sarriguren BHIko ikasleen ekarpenek Eguesibarreko puntu beltzen mapa osatzen lagunduko dute, eremu ez-seguruak identifikatzen eta hobetzeko proposamenak egiten lagunduz. Baina, batez ere, Ibarreko gazteenek hiri-espazioan duten segurtasunari buruzko hausnarketa garrantzitsua dakarte proiektura.